XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta ondoren guregana bueltatu zen, irribarre zabalez, eta betileak begietatik apartatu zituen.

- Haurtxoak, zuen laguna izan nahi dut.

Ez didazue beldurrik izan behar, badakit ondo pasatzea gustatzen zaizuela, eta niri ere gustatzen zait barre egitea.

Begira, ba al dakizue bi gorren txistea? Gor batek honela esaten dio beste gor bati: Arrantzara al zoaz?, eta besteak: Ez, ez noa arrantzara. Orduan lehenengoak:A, arrantzara zindoazela uste nuen.

Pena da andereñoak baimenik gabe barre egitea debekatzea, oso gaizki pasa bait genuen aguantatzeko.

Arratsaldean aitatxori kontatuko diot txistea, leher gaizto egingo du, seguru ez duela ezagutzen.

Inspektoreak ez zuen inoren baimenik behar eta barre asko egin zuen, baina inork ez zuela deus esaten ikusi zuenean betileak bere lekuan jarri, eztul egin eta esan zuen: - Beno, nahiko barre egin dugu. Lot gatzaizkion lanari.

- Alegia bat ikasten ari ginen - esan zuen andereñoak -. Azeria eta belea.

- Ederki, ederki - esan zuen inspektoreak -. Jarrai ezazue orduan.

Andereñoak, nori galdetu ez baleki bezala denei begiratu ondoren, Agnan seinalatu zuen behatzez: - Zeorrek, Agnan, errezita ezazu alegia.

Baina inspektoreak eskua altxa zuen.